Urtero bezala, abenduaren 3an, UGLEn ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen. Ekitaldi xumea izan bazen ere partehartzea handia izan zen nola ikasle hala langileen aldetik.
Ordubeteko iraupena izan zuen ekitaldia patioan burutu zen. Euskal musikaz girotu genuen patioa eta bertan Euskara Batzordeak mahai bat jarri zuen. Bertan, ikasle zein langileok euskararekiko hartzen ditugun konpromezuak sinatzeko aukera izan genuen.
Bestalde, 2 lehiaketa ere izan genituen: bata, “Euskararekin jolasean” izenekoa. Euskararekin lotutako hainbat galderari zuzen erantzutea zen helburua. Iaz izandako arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki genuen ekintza da eta aurten ere partehartzea ez da makala izan.
Horretaz gain, “Bota piropoa euskarari” ekintza ere burutu genuen. Euskarari piropoak eskaini, koloretako txarteletan idatzi eta patioan jarritako zuhaitz batean zintzilikatu genituen. Horrela osatu genuen aurtengo gabonetako zuhaitza.
Lehiaketetako irabazleen izenak abenduaren 22an ospatuko dugun UGLE egunean emango dira jakitera.