Programak

>> Ikas ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa duala

Ugle Eskolan Prestakuntza DUALA eskaintzen diegu. Honen bidez, ikasleak bere trebakuntza ikasiz eta lan eginez garatzen du.

Ikasleak enpresa batekin lan kontratu bat dauka eta bere trebakuntza bi lekuetan gauzatzen du, Ikastetxean eta Enpresan, egindako lanarengatik ordainsari bat jasotzen duelarik.

Programaren helburuak:

  • Programaren helburua da gazteei Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko aukera ematea, ikastetxearen eta enpresaren artean partekatuta garatzen den ikaskuntza-prozesuaren bidez.
  • Ikastetxeak eskatzen dituen gaitasunen osagarri izango diren beste batzuk garatzea (talde-lana, erantzukizuna...); enpresa baten eguneroko martxa zertan den ikustea; lanbide batean jarduteko eta enpresa baten behar zehatzei erantzuteko ezagutza, trebetasunak eta abileziak  lortzea (espezialitateak).
  • Lanbide-heziketako ikastetxean lortutako gaitasunen eta lan-munduan behar direnen arteko aldeak minimizatzea.
  • Gazteak lan-munduan lehenago eta hobekiago hastea.
  • Lan-merkatuan eskaintza eta eskaria hobeto uztar daitezen ahalbidetzea. Gazteei baliabide ekonomikoak eskuratzeko modua ematen die eta, aldi berean, kualifikazio profesionala eta lan-esperientzia egiaztatua lortzekoa.
  • Ikastetxearen eta enpresen arteko hurbilketa ahalbidetzea, eta hartara, edukiak eta pedagogia metodoak berritu daitezen bultzatzea.

Enpresarentzako abantailak:

  • Belaunaldien arteko erreleboa bideratzen du.
  • Kontratu kateaketa.
  • Hobariak Gizarte Segurantza eta Lanbiden.
  • Enpresen prozesuetara egokitutako pertsonal kualifikatua izatea.

Modalitateak:

Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala egiteko, ikaslearen eta enpresaren artean bi motako harremana egon daiteke:

  • Ikastetxea eta enpresa txandakatuta, lan-kontratu batekin.
  • Ikastetxea eta enpresa txandakatuta, konpentsazio-erregimenean ikasleei prestakuntza-programak egiteko bekak emanez.

Iraupena:

Orokorrean, proiektuek kontuan hartuko dute heziketa-zikloaren lehenengo ikasturtea ikastetxean egitea, eta bigarren ikasturtea, berriz, ikastetxean eta enpresan egindako txandakako ikas-ekinezko prestakuntza izatea. Halaber, aurkeztu ahal izango dira txandakako aldiaren iraupen luzeagoa proposatzen duten proiektuak.

PDF gida eskuratu

>> Ekintzailetasuna bultzatzen duten programak

Badira urteak, eskolan Ekintzailetasunaren sustapena gure helburu estrategikoetako bat dela. Era orokor batean esplikatzearren, bi eratara lantzen dugu:

Ekimen publikotik: EKINGUNE

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentuko TKNIKAren koordinazioarekin, Lanbide Heziketako ikastetxeetan ekintzailetasuna bultzatzeko eta garatzeko sortutako ekimen publikoa da. Ekingunetik 2 programa bultzatzen dira:

1/ Ikasenpresa Programa 

Erdi eta Goi Mailako Ziklotako unitate kurrikularrean sartzen da ikasgai moduan. Metodologia praktiko baten bitartez, ikasleak enpresariaren papera hartzen du eta benetako produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa txikiak sortzea eta kudeatzea da helburua.

Proiektu horren helburuen artean dago enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea: sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, ekimena, lidergoa, konpromisoa, irmotasuna, negoziazioa, eta abar.

 

2/ Programa Urratsbat

Urratsbat, Lanbide Heziketako ikasleek beraien enpresak sortzen laguntzeko programa da. Eskolak, interesa duen ekintzaile bati, enpresa sortzeko behar duen laguntza (aholkularitza, eskolako ekipamentuak…etab.) ematea da proiektu honen funtsa. 
Lanbide Heziketako zikloetako 2.mailako ikasleei, Ikastetxeko ikasle ohiei eta formakuntza ez arautua Ikastetxean egin duen edozeini dago zuzendua. 

Zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

  • Ikastetxe bakoitzean, prozesua abian den artean, uneoro sustatzaileari laguntzeko prest egongo den programaren arduradun bana.
  • Enpresa martxan jartzeko unean Ikastetxeko ekipamendua erabiltzeko aukera (baldin eta ikastetxean horretarako aukera badago, eta hala egiteak klaseak ohiko eran ematea eragozten ez badu).
  • Ekintzaileari, bere negozio ideia, enpresa bihurtzea errazten dion aholkularitza zerbitzu integrala.

Ekimen pribatutik: STARTINNOVA

Batxilergoa ikasten duten 16-17 urte bitarteko ikasleei zuzendua dago eta funtsean, izaera ekintzailea garatu nahian, negozio bat “sortzea” da ekimenaren ildo nagusia.